XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laborantzako erakasle haundi bat. GRANEREAU APEZA

Joan den apirilaren 25-ean ukan du 87 urteko apez batek Parisen laborari merezimenduaren medaila.

Ez du segurki ebatsia, bere denbora luzea laborari gazteriaren erakasle ta gidari ereman ondoan, holako adinean beti ta saminkiago sail eder hori deraman apez xaharrak.

Laborantzako aprendizgoaren aita

Laborari semea zen bera, Lot-et-Garonne eskualdean sortua.

Gazte gaztedanik ohartu zen ofizio horrek ere berritze baten bidea hartu beharko zuela.

Bera semenarioan zenekotz sozial ixtudio berrier emanak ziren liburu, aldizkari eta ixtudio-astetarat arras ekarria zen.

Geroxago, bera bikario zen denboran bazuen bere gaztekilako otoitzetan debozione berri bat pentsatua: sozial erreboluzione edo iraultzaren ama otoizten zuen.

Ez da mirakulu beraz hori izanen bada egun batez baserritarren aprendizgoko lehen etxeak asmatuko dituena: Lauzun herrian muntatuko berak lehena eta gero denetan hedatuko dira hura bezalakoak.

Alta ez ditu egun batez bururatuko bere xedeak: 14-eko gerla hor izanen du artean, eta ondotik ainitz gogoeta eta behaztopako ere.

Eskola eta lana aldizkatuz

1937-an du bakarrik muntatuko Lauzun-eko eskola hura.

Geroztik denetan ezagutua da herri horren izena, herri horren izena ekarriko baitute ixtudi-molde horiek.

Bera laborari-semea alabainan, ohartu zen sasoin batzuz badirela lan batzu ezin utziak etxetako seme ta alabentzat, beste egun batzu aldiz eskolari aiseago eman ditazkenak.

Orduan asmatu zuen aste aldizkako eskola: aste batzu eskolako eta beste batzu laneko, batean luma eskuan eta bestean aintzurra.

Euskal-Herrian ere molde hori egokia iduriturik, holako aprendizgoak muntatu ziren azken gerlaz geroz Lekorne Garroko jauregian, Donapaleu Garikoitzenean; Garazi Frantsesenean eta Maule Bixta-ederrean.

Granereau apezaren iritziz, behar zen eskola horietan ikusi jandarmago baino konfiantxa gehiago, erakaslen nausitasun baino burrasoen partaliertasun gehiago, bestalde eskola bezain aintzina ezartzen zelarik gogo-bihotzen moldatzea.

Ahal ukan zuelarik Lauzun herrian moldatu zuen nesken eskola bat ere, molde ta hats berekoa, zeren ordukotz ikusten baitzuen elgarrekilako ahusamendu batzuek badutela beren ona.

Denbora joan

Urak bideak egin ditu geroztik, urte labur horietan ere.

Hasteko, lan haundia egin arazi dute Frantzia eta Euskal-Herritan gure iraultzalearen asmuek, denetan holako eskolak hedaturik.

Oraiko laborari edo nekazariak aintzurra eskutan bakanago badu ere, ixtudio-beharra ez du gutiago.

Orai denentzat gauza ageria dena, aspalditik ikusia zuen apez argi horrek.

Bainan, nahiz orai 87 urte beteak dituen, ez da lehengoan bizi eta beti ari da geroko asmutan eta beti bere berritzaile-lana aintzinatu beharrez.

Mende bakotxak bere berritzeak baditu.

Halaber izan ditazla bere berritzaileak, denak apez horren harikoak: laborantzak ez du gutiago behar.